XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Euskararen errekonkistaren aldekoek, berriz, beste zeinahi hizkuntzak adinakoxe ahalmena ematen diote euskarari mezuak komunikatzeko, eta, beraz, gaztelaniaren hizkuntz kategoria bezainbatekoxearen jabe bezala ikusten dute euskara.

Hauen ustez euskara benetako pertsekuzio eta zanpaketa sistematiko baten biktima da.

Hauek berek errekonozitzen diote euskarari mendetan zehar irauteagatiko meritu historikoa eta, horretxegatik, gaztelaniak ez duen kultur balio bat eratxekitzen.

Lau balioztapen desberdin hertsiki erlazionatzen direla ematen du hemen euskararen aldeko eta kontrako jarreretan, eta dira: komunikazio modernoetarako gaitasunaren ukazioa, gaur eguneko errekuperazio-prozesuaren gutxiespena, euskara Euskal Herriarekin ez identifikatzea eta, azkenik, pertsekuzio- edo gerra-egoera ororen ukazioa.

Ikusten da baita, dirudienez, euskararekiko jarrera zenbat eta kontrakoagoa izan (errendizioaren aldekoena alegia), hainbat eta gehiago azpimarratzen dela ideia eta sentimendu modernoak transmititzeko euskararen gaitasunik eza.

Eta, alderantziz, zenbat eta aldekoagoa izan euskararekiko jarrera, hainbat eta gehiago lehiatzen dira euskararen balio sinbolikoa eta pairatzen dituen eraso eta pertsekuzioa aditzera ematen.

Esan daiteke gauza bera kontrako zentzuan ere, hots, eritzi desberdin horiek jadanik seinalatu ditugun beste hainbat jarrerek baldintzapetuak daudela ematen duela.

Orain, bai batzuek eta bai besteak, gizarte-estrukturen behinbetiko eraginpean aurkitzen dira.

Estruktura honen bariableak ere, bestalde, hala nola, adinak, sorlekuak, ikasketa-mailak, egonlekuak, etab., erabateko zerikusia dute euskarari buruz zer pentsatzen den edo zein status sozial eman nahi litzaiokeen erabakitzeko orduan.

Eta guzti hori euskarari buruz gehiengo batek duen definizio sozial baten barruan ikusi behar da, hau da, euskara, euskal herriaren funtsezko elementutzat aitortzen, merezi gabe erasoa eta pertsegitua, airoso irteten ari dena eta etengabeko hedapenean eta errestaurazio sozialean aurkitzen dena.